Nazioarteko Zine Ikasleen X. Topaketa irailaren 21, 22 eta 23an izango da 59. Donostiako Zinemaldian.
Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Guneak antolaturiko Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketak ikus-entzunezkoen arloko esperientziak eta ikaskuntzak elkarbanatzea du xede, munduko zinema ekitaldi garrantzitsuenetakoa denaren esparruan. Deialdi honen helburua mundu osoko zinema-ikasleen lanak ezagutaraztea da. Topaldien X. edizioko aurre-aukeraketan, 56 zinema-eskolatako 134 film laburrek parte hartu dute, guztiak ere 25 herrialdetakoak: AEB, Alemania, Argentina, Egipto, Ekuador, Erresuma Batua, Errusia, Espainia, Frantzia, Holanda, Hungaria, Israel, Italia, Kanada, Kolonbia, Kuba, Libano, Maroko, Mexiko, Polonia, Puerto Rico, Suitza, Txekiako Errepublika, Txile eta Venezuela.
Topaketaren hamargarren edizio honetan, Nicolas Provost zinegile belgiarra izango da epaimahaiburu. Provosten lanak behin baino gehiagotan ikusi ahal izan dira Donostian, Tabakalerak eta Donostia Kultural antolatzen duten Labo film labur esperimentalen zikloan, hain zuzen.
Aurtengo edizioan honako film laburrak eta eskolak aukeratu ditugu:

Topaldian, era berean, nazioarteko lankidetza eta ekoizpen-prozesuak sustatzeko bi proiektutako film laburrak ere emango dituzte, lehiaketaz kanpo.
Alde batetik, Atelier Masterclass proiektuko film laburrak ikusi ahal izango dira; egitasmo horretan, Parisko La Fémis eta Badem-Württemberg-eko Filmakademie zinema-eskolek parte hartzen dute.
Bestetik, aurtengo topaldian Istanbul Express proiektua berriz izango da; hala, Vappu Tuomistok zuzendutako WE ARE NOT LIVING IN A FUCKING HOSPITAL emango dute. Film labur hori Istanbul Express tailerrak Zinema Ikasleen Nazioarteko IX. Topaldian aurkeztutako proiektuaren emaitza da. Ekimen horren helburua hamabost film labur dokumental ekoiztea zen, hainbat zinemagile gaztek Istanbulera trenez egindako bidaian zer inpresio izan dituzten zehaztuz. WE ARE NOT LIVING IN A FUCKING HOSPITAL zuzendari horietako batek egindako lanaren emaitza da: Vappu Tuomisto zuzendariarena, hain zuzen.
Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, elkarrekin antolatzen dute Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaldia. Era berean, Donostia 2016 Europako kultur hiriburuaren babesa ere badauka proiektuak; izan ere, ekimen hori hautagaitzak sustatu nahi duen kultur agertokien eta lan egiteko moduen adierazle argia da.