Bigarren urtez jarraian, Tabakalerak aurten ere Donostian leiho bat zabalduko dio Biarritzen ospatzen den FIPAri, Ikus-entzunezko Programen Nazioarteko Jaialdiari.
Urtarrilaren 24 eta 25ean Tabakalerako zine aretoan aipatu jaialdian aurkeztutako programen hautaketa bat proiektatuko da. Aurtengoa FIPA Jaialdiaren 22. edizioa izango da eta urtarrilaren 20 eta 25 artean ospatuko da Biarritzen.
Iaz Tabakalerak, Donostia Kulturarekin lankidetzan, ikus-entzunezko maratoi bat antolatu zuen. Bertan Jaialdiko zenbait sailetan saritutako lanak ikusteko aukera izan zuten ikusleek. FIPA Tabakalerara etorriko den bigarren aldi honetarako berrikuntza batzuk prestatu ditugu: alde batetik, bi egunetan zehar izango dira emankizunak, eta bestetik, Jaialdian aurkeztutako programa guztien artean egindako hautaketa proiektatuko da.
22 urte daramatza FIPAk munduan zehar ekoizten diren ikus-entzunezko saio ausartak aurkitu eta independentzia osoz ezagutarazteko lanean. Jaialdiak topaleku eta elkarrizketa bultzatzaile izan nahi du, munduko ikus-entzunezko ekoizpenen onenaren erakusleiho.
FIPArekin burututako elkarlan honen bitartez, Tabakalerak bere arloan garrantzitsuenen artean dagoen jaialdiarekin harremana indartu eta ikusleari interes eta kalitate handiko jaialdi bat ezagutu eta gozatzeko aukera eskaintzen dio.