2009ko Clermont-Ferrand Nazioarteko Film Labur Jaialditik soilik bi aste igaro direnean, Tabakalerak Estatuan lehen aldiz aurkeztuko ditu film labur esperimentalen alorrean mundu mailan egin diren ekoizpen interesgarrienak.
Aurten ere, iaz bezala, Tabakaleran bere isla izango du film laburren jaialdien artean munduko garrantzitsuenen artean dagoen Clermont-Ferrand Nazioarteko Zinemaldiak.
Otsailaren 17 eta 21 artean, zinemaldiko Labo sail esperimentalean aurkeztutako film labur guztiak ikusteko aukera izango da Tabakaleran. Guztira 45 bat dira sail horretarako hautatu dituzten filmak, eta 5 saiotan antolaturik, egunean 9 film inguru eskainiko dira.
Programazioaren osagarri gisa, film laburren munduko profesionalen bilgune izango den eztabaida/topaketa bat ere antolatuko dugu.
Ekimen hau Donostia Kulturarekin eta Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan antolatu dugu.