Tabakalerak, 55. Donostiako Nazioarteko zinemaldiarekin lankidetzan zenbait ekitaldi antolatu ditu hamar egun hauetarako.
Larunbatean, irailak 22, “Sukar izoztua – Europa iparraldeko zinema berria” izeneko zikloa aurkeztuko da Zinemaldiaren barruan, Tabakaleraren laguntzarekin. Ziklo Europa iparraldeko herrialdeetan 1995tik gaur egun arte egindako zinemari eskainia dago, batez ere Dogma mugimenduarekin lotua. Zinemaldiak irauten duen hamar egunetan zehar, guztira, 5 herrialdetan egindako 38 pelikula proiektatuko dituzte.
Aurkezpen ekitaldia Tabakaleran izango da eta bertan izango dira, zikloan beren filmak erakutsiko dituzten hamar zinemagile, herrialde eskandinaviarretako Zine Institutuetako zenbait ordezkari, Marianne Slot, Zinemaldiak Eskandinavian duen delegatua, Mikel Olaciregui, Zinemaldiko zuzendaria eta Joxean Muñoz, Tabakalerako zuzendari nagusia.
Honez gain, zikloari dagokion festa ere Tabakaleran ospatuko da hilaren 27an, ostegunean. Gonbidatuen artean izango dira zenbait filmetako lantaldeak, eta bereziki, aurten Donostia Saria jasoko duen Liv Ullman aktore norvegiarra.
Bestalde, asteazkenean, hilak 26, Panavisionek antolatuta, zuzeneko filmaketa bat eta solasldi bat izango dira, Zine Eskolen Nazioarteko VI. Topaketen barruan. Argi lantegian, “Begi berri bat biharko ziremarentzat” izenburua daraman lan saioan, zuzeneko filmaketa bat egingo da, euskarri digitalean egindako zinemari eskainia. Arratsaldean, berriz, mahai ingurua izango da, eta inguratzen direnek Affonso Beato argazkilaritza zuzendaria, Alfonso Cuaron zinemagilea eta Benjamín B, American Cinematographer aldizkariko kronikagilearen arteko solasaldian parte hartzeko aukera izango dute.