Tabakalerako eraikina Donostiako tabako fabrika izan zen 90 urtez (1913-2003). Estatuarena zen, baina Udaleko lurretan eraiki zuten, 25 urteko lan zailarekin.
Tabakalerak 20ko hamarkadan izan zituen urrezko urteak, zigarro eta puruen ekoizpena mekaniko bihurtu zutenean. Mila lagunetik gora zebiltzan lanean 1925ean, gehienak emakumeak.
60ko hamarkadaren bigarren zatian, beste berrikuntza teknologiko garai bat izan zuen eta urtean 250 milioi kaxa ekoiztera iritsi zen. Garai hartan, Farias puruak egiteari utzi zion eta zigarroetan espezializatu zen: Celtak, lehenengo eta, Ducados zein Davidoff, hirurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera.
Espainian tabako ekoizpena pribatizatu ondoren, enpresa berriak -Altadis- zortzi fabrika itxi zituen, horien artean Donostiakoa, 2003an. Urte bat geroago, Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak erosi zuten eraikina, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentro bilakatzeko.
Tabakalera eraikin berezia da, duen izaeragatik eta neurriagatik.
Donostiako hiri-barruko orube handienetakoa da. Eraikin nagusia 113x75 metroko laukizuzena da, 26.000 m2-ko azalera eraikia du eta haietatik 21.000 m2 dira erabilgarriak.
Tabako fabrika antzinako manufakturen moduan eraiki zuten, lau patio handiren inguruan.
Tabakalera fabrika izan zen eta, zentro kultural bihurtuta, fabrika izaerari eutsiko dio.