
1980. urtean Veneziako bienalean parte hartu zuen lehenbiziko aldiz (1982koan ere parte hartu zuen) eta, harekin batera, besteak beste, lagun egin zuen Francesco Clemente, eta Anselm Kiefer edo Georg Baselitz ere egon ziren. Pintura “basatia”, bultzadaka egindakoa, Schnabelek burututako lanaren osagai garrantzitsua bihurtuko da eta, hein horretan, zenbait kritikok bere lana “neoespresionismoan” sailkatzen dute. “Barrenekin pintatzea ez da sekula izan ideia interesgarria, edo inoiz margolan bat interesgarri egin. Sentimendua eta adimena ezin bereiz daitezke. Ildo horretan, neo-espresionismoa ez da existitzen; ez da inoiz existitu.”
Bere lanaren osagai funtsezkoa bihurtu zen topatutako objektuak, edo objektu erabiliak edo denborak aldatuak, edo objektu historikoak margoetara gaineratzeko kontzeptua. “Existitzen diren materialak erabiltzeak etnografikotasun maila bat ematen dio lanari; alegia, egiazko leku eta denbora bat txertatzen du errealitate estetikoan.” Hala, Japoniako Kabuki antzerkian erabiltzen ziren oihalekin edo boxeo ring bateko estaldura zahar batez baliatuz egin zituen zenbait lan. “Historia bat” duten materialak interesatzen zaizkio eta halakoak erabiltzean uzten diren aztarnek lanari ezinbestean bakarra den izaera ematen diotela uste du.
1987 eta 1989 urte bitartean, bai Europan bai Estatu Batuetan, Schnabelen lanaren atzerabegirako erakusketa garrantzitsuak egin ziren eta 1994an berriz, halako atzerabegirakoak antolatu zituzten Monterreyn eta Mexiko Hiriko museoetan.
1995en Basquiat izeneko filmaren gidoia idatzi eta filma zuzendu zuen. Zinegile lanean egindako lehen esperientzia hori izan da zinemagintzan egin duen ibilbide arrakastatsuaren lehen urratsa; beste bi film ere egin ditu, artean, Before the night falls (1999) eta The diving bell and the butterfly (2007). Azken hori dela eta, 2007ko Cannes-ko zinemaldian zuzendari onenaren saria irabazi zuen.
2007. urtean espazio berezietan antolatu ditu beste zenbait erakusketa: Erromako Palazzo Venezian, Milaneko Rotonda della Via Besanan eta Derneburg (Alemania) hiriko Schloss Derneburgen. Beijing-eko (Txina) nazioarteko artearen museoan ere ikusgai izango da bere lana.
Gaur egun, Julian Schnabel New Yorken ari da bizitzen eta lanean, baita Montauk-en, Long Island-en eta Donostian ere.
TABAKALERA Donostia - San Sebastián t.943 011 311 f.943 011 312